AIURRI: Gaikako hondakin bilketaren alde lanean

24 Urt
Villabona 2012-01-18 15:57:57
Gaikako hondakin bilketaren alde lanean
Zero Zabor eredua abiapuntu hartuta, Amasa-Villabona nahiz Zizurkilgo hainbat herritar lanean ari da zaborraren gaiari irtenbidea aurkitu nahian. Dozena bat herritar biltzen duen taldea osatu dute berriki.

Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Zero Zabor taldeko partaide dira, besteak beste, Aintzane Agirre, Ainara Ansa eta Marisol Zabala billabonatarrak, baita Mikel Ugarte zizurkildarra ere. Laurek argi dute antzeko taldeen beharrik ez izatea litzatekeela onena, baina zaborraren gaiari irtenbide duina aurkitu bitartean, lanean jarraitzeko gogoz azaldu dira.

Zuen ustez, zergatik bihurtu da arazo zaborraren gaia azken urteotan?
Zaborra betidanik izan da arazo. Kontua da orain arte alfonbra azpian gorde dugula eta ezikusiarena egiten aritu garela. Zaborra ezkutatzen aditu bihurtu gara. Edukiontzian sartu eta beste norabait eramanez, lur-azpiko edukiontziak nahiz edukiontzi pneumatikoak asmatuz, zaborra lehenago urruntzeko eta bistatik kentzeko… Baina zaborra arazo da eta arazoak ez dira ezkutatuta konpontzen: egin beharreko lehenengo gauza arazoa ikustea da, hor dagoela jabetzeko. Arazoaz jabetzen bagara soilik izango gara konpontzeko gai. Orain, alfonbra azpiak gainezka egin du eta ‘alternatibatzat’ zaborra are toxikoagoa bihurtzen duen konponbide garestia ezarri nahi izan digute: errausketa. Egia da 2004an erraustegiaren gaia azaleratu zenean jendeak protesta egin zuela. Orduan sortu zen orain artean gaiaren inguruan lanean aritu den Onddolar plataforma Amasa-Villabonan. Baina, oro har, azkar ahazten da jendea, oso selektiboak gara. Oraingo filosofia ere orduko berbera da: jendea zaborraren arazoaz kontzientziatzea.

Gipuzkoako beste hainbat herritan bezala, Zero Zabor filosofia garatzen hasi zarete Amasa-Villabona nahiz Zizurkilen. Zein da filosofia horren funtsa?

Zaborra arazoa bada, zaborrik ez sortzea da irtenbidea. Hondakinak eta zaborra kontzeptu bezala bereizi behar ditugu. Hondakinak baliabideak dira. Hondakinetan material baliotsua dago eta material hori suntsitzea astakeria da. Hondakinak nahasterakoan, bertako materiala alferrik galdu eta usteltzera kondenatzen dugu. Esaterako, noiz bihurtzen da egunkari bat zabor? Irakurri dugunean? Irakurritako beste egunkariekin pilatzen dugunean? Edo janari hondarrekin eta beste hondakin atalekin nahastu eta bertako papera zikindu eta alferrik galtzen denean?
Zero Zabor ereduan bi ardatz nagusi daude: Murrizketa eta Birziklatzea. Zenbat eta hondakin gutxiago sortu, orduan eta garraio, azpiegitura, energia, tratamendu eta kostu gutxiago. Sortu beste erremediorik ez dauden hondakinak, berriz, direna bezala ikusiko dituen sistema bat ezartzea. Egun sortzen ditugun hondakinen %90a birziklagarria da. Beste %10 hori birziklagarria izan dadin birdiseinatu beharko da. Bitartean %10 horri irtenbide ez toxiko bat eman behar zaio. Horretarako badira hondakin horiek egonkortzeko tratamenduak.

Zaborraren inguruan, zein kezka nagusi sumatzen duzue herritarren artean?
Kezka, herritarrak daukan informazio mailaren araberakoa da. Badago arazoa, sortzen dugun zabor mordoak dakartzan ondorio kezkagarrietan ikusten duenik. Beste batzuk, ordea, errausketan negozio iturria ikusi dutenen gezur eta boikot kanpainek despistatuta, Atez Atekoa bezalako irtenbideetan ikusten dute. Gure lana jendea informatzea izango da, eta arazo honek irtenbide on, garbi, eroso eta merkea duela jakinaraztea.

Villabonako Udalak, Kutxa Ekogunearekin batera, tuperraren kanpaina jarri du abian berriki. Orain arteko bidea laburra izan bada ere, zein irakurketa egiten duzue kanpainaren hasieraz?

Irakurketa oso positiboa egiten dugu. Azken finean, Ekogunea (Kutxaren laguntzaz) eta Udala bezalako entitateak naturarekin bat egin eta horrelako pausoak ematen ikustea pozgarria da. Argi dago gero eta garrantzi handiagoa duela ildo horretan lan egiteak. Guk honelako ekintzak txalotu eta gure elkarlana eskaintzen diegu. Poliki-poliki, ohiturak aldatuz joango gara eta konturatu gabe aurrerapauso handiak ematen ari garela ikusiko dugu: erosketak egiteko poltsak, tuperrak… Beraz, tuperrei benetako erabilera emateko eskatzen diogu jendeari eta ez armairuan jasotzeko.

Hurrengo pausoa, Amasa-Villabonan Atez Ateko zabor bilketa sistema martxan jartzea izango al da?
Zaborrik ez sortzeko ezinbestekoa da hondakin guztiak gaika bildu ahal izateko sistema eraginkor bat ezartzea. Atez Atekoak hori posible egiten du eta guk, helburu hori lortzeko ezagutzen dugun sistema bakarra den neurrian bultzatuko dugu. Beste inork, pareko emaitzak ala hobeak lortzeko gai dela erakusten duen bilketa sistema bat proposatzen badu, ez dugu oztoporik jarriko. Baina langa jarrita dago: hondakinen %90 inguru birziklagarria da eta Atez Atekoarekin %80-%92 arteko gaikako bilketa egiten ari dira sistema hori ezarri duten herrietan. Beraz, egungo edukiontzien sistemari organikoarena gehitu eta gehienera %35 gaika biltzen duen 5 edukiontzi bidezko sistema ez dugu onartzen. Oso garestia izateaz gain, herritarrei iruzur egitea da hori. Herritarren dirua ezin da xahutu hondakinen bi heren nahasian, –zabor bihurtuta–, bilduko dituen sistema batean. Errausketarekin negozioa egin nahi dutenak horrekin jendea nahastu nahian dabiltza.
Atez Ateko bilketa sistema lehenbailehen martxan jartzea eskatzen diogu Udalari. Aurrez lan handia dago egiteke, baina zortea ere badugu: bilketa sistema hori ezarri duten inguruko herrietatik ikasteko aukera izango baitugu.

Zein alderdi on lituzke Atez Atekoa martxan jartzeak? Alderdi txarrik izango al luke?
Ikusten diogun alderdi txar bakarra herritar bakoitzari eragiten dion aldaketa dakarrela. Gizon-emakumeon senean zuhurtzia txertatuta dago; hori ona eta beharrezkoa da. Aldaketaren aurrean badugu babesten gaituen atzera egiteko berezko joera bat. Baina, zuhurtzia horri uko egin gabe jakin behar dugu gauzak aztertzen.Usurbilen, Hernanin, Flandian eta San Franciscon ona dena, zergatik izango da txarra Amasa-Villabonan edo Zizurkilen? Han ere, Atez Ateko sistema ezarri aurretik jendea kezkatuta eta beldurtuta zegoen. Gerora, egunerokoan zer den ezagututa jendea lasaitu eta ondo moldatzen da. Inkestek garbi erakusten duten moduan, Atez Atekoa jarri aurretik kontra edo zalantzan zegoen jende gehiena, ondoren alde egotera pasa zen. Jendeari lasaitasuna eta konfiantza eskatzen diogu, beraz. Informa dadila eta joan dadila Atez Atekoa abian dagoen herriren batera, zenbait hedabidetan argitaratu dituzten kontrako jarrerak egiazkoak ez direla ikustera. Horren harira, Zero Zabor taldeak Atez Atekoa ezagutzera irteera bat antolatzeko asmoa duela aurreratu nahi dugu.
Alde onei dagokionez, asko aipa genitzake. Nagusiena, bilketak, dagokion helburua betetzen duela: hondakinak gaika biltzea, portzentaje handi batean. Eta hori ezinbestekoa da zaborra saihesteko, baina beste hainbat ezaugarri on ere aipa genezake: merkea da eta herrian lanpostuak sortzen ditu, krisi garai hauetan oso kontuan hartu beharrekoa. Hortik aurrera, batzuek zabaldu nahi izan dutenaren kontra, erosoa eta garbia da. Gainera, edukiontziak kaletik kentzean leku asko libratzen da eta puntu zikinak desagertu egiten dira.

Atez Ateko sistema ezartzeko herri egokiak al dira Amasa-Villabona edota Zizurkil? Herriaren tamaina edota etxebizitzen egiturari begira, zein baldintza bete behar dira sistema hori gauzatu ahal izateko?

Atez Atekoa ona da Antzuola bezalako 2000 biztanleko herri txiki batentzat, nahiz San Francisco bezalako 80.0000 biztanleko hiri handi batentzat. Noski, tipologia urbanoa aldatuko da batetik bestera eta leku bakoitzera moldatu beharko dira Atez Atekoaren ezaugarriak. Baina Gipuzkoan, Hernanin jarrita dago eta tipologia guztietako etxe eta auzoak daude han: dentsitate txiki eta handikoak, etxe baxu eta altuak, eta ederki moldatu dira. Zizurkil eta Amasa-Villabonak ez lukete inolako arazorik izango, ezta eskualde osora zabaltzeko ere.

Atez Ateko sistema txertatuta duten Gipuzkoako herrietan nahiz aurrez abiatutako kanpoko lurraldeetako herrietan emaitza baikorrak lortu al dira orain artean?
Emaitzak ikusgarriak dira leku guztietan. Atez Atekoa aplikatzean printzipio orokorrak berdinak badira ere, ezberdintasun txikiak daude batetik bestera eta emaitzak ere zer edo zer aldatzen dira. Baina leku guztietan jauzia izugarrizkoa da edukiontziak erabiltzetik Atez Atekora. Gipuzkoako gainerako herrietan egiten ari den bezala, etxe bakoitzeko zintzilikario bat, organikoa poltsarik gabe bilduta, punta-puntako emaitzak ematen ari da. Hor daukagu adibide modura Flandia: 6 milioi biztanleko herrialdean %82 biltzen dute gaika. Gipuzkoan 700.000 herritarrekin ez al gara gai izango? Gu baiezkoan gaude eta horretan saiatuko gara, zintzoki.

Zaborraren inguruko galdera entzutetsuena erraustegiaren gaiarekin lotutakoa da: hainbat alderdi eta eragilek ezinbestekotzat jotzen du. Zein da Zero Zabor filosofiaren arrazoia ‘erraustegirik ez’ aldarrikatzeko?
Zero Zabor filosofiak ez du katearen azken muturrean bakarrik eragiten. Hau da, ez da zaborrik ez sortzera mugatzen. Hondakinetako materialak berreskuratzean, produktu berriak ekoizteko natura ustiatu beharra ekiditen du, ala gutxienez, naturaren gaineko presioa murriztu. Ideia, behar dugun materiala behin eta berriz gure ekonomian txertatzea da, natur baliabideak zainduz eta zaborra sortzea galaraziz. Errausketak, materialak errausterakoan, zabor toxiko bihurtzen ditu. Errausketak produktu berriak ekoizteko natura ustiatzera behartzen du eta gainera, sortzen duen zabor toxiko horrentzat zabortegi bereziak behar ditu. Gipuzkoan urtero erraustegitik 90.000 tona zabor toxiko zabortegi berezietara eraman beharko lirateke erraustegia egingo balitz. Hori Zero Zabor ereduarekin bateraezina da erabat.
Erraustegia osasungarria ez izatearekin batera, zenbakiek beraiek esaten dute inondik ere ez dela beharrezkoa eta bideragarria; izan ere, hari jaten eman behar baitzaio. Zero Zabor filosofia lantzen hasiz gero, ez dugu erraustegiaren beharrik ikusten. Ez dakigu politikariek zer erabakiko duten, baina atzean interes asko dagoela oso garbi daukagu. Egitea erabakitzen badute, denok jakin beharko genuke zer ondorio izango dituen osasunari nahiz eragingo duen gastuari begira. Gainera, Zubietako erraustegiak gainezka egiten duenean beste bat beharko da… Garrantzitsua da herritarrok erraustegiaren beharrik sumatzen ez dugula ozen adieraztea.

Mezurik luzatu nahiko al zeniekete elkarrizketa hau irakurriko duten herritarrei?
Guztiok sortzen ditugu hondakinak eta beraz, guztiona da arazoa: gurea, gure aurrekoena, ondorengoena… Erraustegia Zizurkil Goiko mendiaren beste aldean eraiki nahi dutela jakin behar dugu: hau da, bertan. Eta zubietarrek arnastuko dituzten dioxina eta furanoak, guri ere berdin-berdin iritsiko zaizkigula: bai airez, janariaren bidez edota eguneroko urean.
Herritarrei bi aholku eta eskaintza bat luzatu nahi diegu: osasuna eta ingurumena guztion onerako dira eta ez dezagun utzi gaia inork politiza dezan. Bestetik, erne ibiltzeko eskatu nahi dugu: interes ahaltsuak daude errausketaren atzean eta desinformazio eta intoxikazio asko dago gaiaren inguruan. Guztioi entzun eta ondo informatzeko eskatzen diegu herritarrei: informazioa kontrastatu eta gero, norberak bere iritzia era dezala. Baina aurreiritzi eta alde bakarreko informazioarekin kontuz ibil daitezela.

Talde anitza, mugarik gabea
Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Zero Zabor batzordea azken hilabeteotan ari da sortzen. Taldekideek taldea irekia eta mugarik gabea dela jakinarazi dute: “ez dago jakitun izan beharrik, taldean bertan jasoko baita gaiaren inguruko formakuntza”. Talde anitza, azken finean: “gazte nahiz helduei zuzendua, irizpide politikoak alde batera, gaiarekin kezkatuta dagoen edonori”.  Oraindik taldearen funtzionamendua guztiz zehaztuta ez badute ere, tarteka elkartu eta bilerak egiten dituzte Amasa-Villabonan nahiz Zizurkilen, txandakatuz. Aiztondo bailarako beste herriren bateko herritarrek ere taldera bildu nahiko balute ateak guztiz irekita daudela aurreratu dute, gaiari eskualde mailan erantzutea bailitzateke egokiena. Taldean parte hartu nahi duten herritarrei zuzenduta, bi formakuntza ikastaro antolatu dituzte epe laburrean: Urtarrilaren 25ean nahiz otsailaren 8an, Villabonako udaletxeko balioanitzeko gelan 19:00etan. Gipuzkoako Zero Zabor taldeko kideek eskainiko dituzte aipatu saioak.
Amasa-Villabona eta Zizurkilen sortutako Zero Zabor taldeen aurkezpenak: Urtarrilak 27, ostirala. 17:30. Villabonako Berdura plazan eta otsailak 11, larunbata. 12:00. Zizurkil Goiko Plazaberrin.
Amasa-villabona eta Zizurkilgo Zero Zabor taldeko kideekin harremanetan jartzeko bideak:
amasavillabonazz@gmail.com / zizurkilzz@gmail.com
www.amasavillabonazz.wordpress.com / www.zizurkilzerozabor.wordpress.com

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: