Zubietako planta datu okerrekin baimendu zutela azaleratu dute

8 Ots

(Berriatik hartua)

Zubietako Herri Batzarrak, herritar talde batek eta Usurbilgo Udalak jarri zioten helegitea ingurumen baimen bateratuari. Jakinarazi dute Jaurlaritzako teknikari batek onartu diela kalkuluetan okerrak egon zirela.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko teknikari batek aitortu du Zubietako errauste plantari ingurumen baimen bateratua ematerakoan bazekitela kalkuluak oker eginda zeudela. Hala salatu du Maribi Joaristi abokatuak. Zubietako Herri Batzarraren eta herritar talde baten ordezkaria da Joaristi. Haren arabera, teknikariak onartu du baimena eman zutela, nahiz eta jakin oker kalkulatuta zegoela Zubietako plantak zenbat energia sortzeko gaitasuna izango lukeen: «Horretan eta beste hainbat kalkulutan egin diren okerrak kontuan hartuta, guk diogu plantak ez duela betetzen energia eraginkortasunerako 0,65eko muga. Beraz, plantan egingo litzatekeena ez litzateke hondakinen balioztatze energetikoa, ezabatzea baizik. Azken hori HHKGPIren aurkakoa da. Ez baitu uzten ezabaketa egiten». Hiri Hondakinak Kudeatzeko Gipuzkoako Plan Integrala da HHKGPI.

Epaileak arrazoia emango balie, Joaristik uste du asko zailduko litzatekeela errauste planta egiteko bidea.Usurbilgo Udalak, Zubietako Herri Batzarrak eta herritar talde batek jarri zuten salaketa Eusko Jaurlaritzak emandako Ingurumen Baimen Bateratuaren kontra, eta astelehenean aurkeztu zituzten frogak aldeek.

Helegitea jarri duten erakundeek eta herritar taldeak berretsi dute akatsa dagoela R1 formula kalkultzeko orduan. Eraginkortasun energetikoa neurtzeko erabiltzen dute formula hori eta, besteak beste, ekoitzitako argindarra, beroa eta erabilitako energia hartzen ditu kontuan. Balioztatze gisa onartzeko, 0,65eko langa jartzen die errauste plantei. Zenbaki hori gainditzen ez badute, errauste plantak zabortegien pareko jotzen ditu.

Hori neurtzeko, erretako zabor tona bakoitzak zenbat energia sortzeko gaitasuna duen hartzen dute kontuan. «Horri buruz eman duten datua puztuta dago, eta kopuru horretan izan daitekeen gorabehera txiki batek ekar lezake 0,65eko langa hori ez gainditzea. Datuak hain dira estuak, non aldaketaren batek asko alda baititzakeen gauzak».

Joaristik nabarmendu du asteleheneko saioan Jaurlaritzako teknikariak berak aitortu egin zuela oker hori. «Oso larria da, are gehiago kontuan hartzen badugu esan zuela ez zituela kezkatzen oker horrek, eragina oso txikia delakoan. Baina datu hori oso esanguratsua da, balantza alde batera edo bestera eraman dezakeelako. Teknikari bati hain arin hitz egiten entzutea kezkagarria da. Berdin zaio balioztatzea edo deuseztea den. Gainera, esaten du ez dagoela arrazoirik baimena ez emateko». Beste hainbat kontu ere onartu zituela ere jakinarazi du. «Besteak beste, esan zuen gainetik begiratzen zutela HHKPI».

«Beste oker batzuk»

Hondakinak ezaugarritzeko orduan «baikorregiak» izan direla ere argudiatu du Joaristik: «Gu helegitean frogatzen saiatu gara ez dutela horrenbeste zabor organiko edukiko erretzeko. Izan ere, leku askotan gaika hasi dira biltzen. Atez atekoa ezarri duten herrietan kopuru hori [birziklatzen dena] are handiagoa da».

Bestalde, promotoreari proiektuaren inguruko informazio gehiagarria eskatu arren Ingurumen Sailak ez zuen horren inguruko txostenik egin, Joaristik azaldu duenez. «Nola dakigu informazio hori egokia dela? Ez dela gehiago falta? Gainera, esaten du ez dela gogoratzen txostenak egin zituenik. Erabakiak teknikariek elkarrekin hartzen dituztela azaldu zuen, eta ahoz egiten zutela». Hori kontuan hartuta, helegitea jartzeko erabili duen beste argudietako bat da erabakia ez dagoela arrazoitua. «Administratiboki, horrek esan nahi du ez dutela abiapunturik». Errauste planta eraikitzeko beharrezko litzatekeen hirigintza plana, berriz, geroago onartu zuen Donostiako Udalaak. Horiek dira, besteren artean, erabili dituzten argudioak. Orain aldeek beren azken ondorioak aurkeztu beharko dituzte, idatziz. Ondoren, epaileak erabaki beharko du helegiteak onartuko dituen.

Joaristi baikorra da: «Oso zaila iruditzen zaigu epaileak ontzat ematea Ingurumen Sailaren txostenik ez egotea halako proiektu baten inguruan. Prozedura akatsak kontuan hartuko dituela uste dugu». Iritzi dio argi geratu dela eraginkortasun energetikoa kalkulatzerakoan akatsak egon zirela. «Jaurlaritzak, hala ere, ziurrenik, argudiatuko du ingurumenarekiko eragina antzekoa dela deuseztean eta balioztatzean».

Prozedura akatsak daudela onartzen badu epaileak, ingurumen baimenaren prozedura berriz egiteko aukera eman diezaioke Jaurlaritzari. Irizpidea izango balitz eraginkortasun energetikoaren langa ez duela gainditzen, ondorioa «are larriagoa» litzateke. «Horrek esan nahiko luke oso zaila litzatekeela errauste planta egitea. Kalkuluak berriro egiteko aukera izanda ere, guk argi daukagu ez lukeela 0,65eko langa gaindituko. Egindako kalkulu okerra zuzenduta, 0,55era iristen da. Beraz, itxaropentsu gaude».

Efizientzia

1. Europako hierarkia. Hondakinen kudeaketarako tratamendu egokienak hierarkia batean jarriak ditu Europako Batasunak. Onenetetik txarrenera: prebenitzea; berrerabiltzea; birziklatzea eta konpostatzea; balioztatze energetikoa; eta, azkenik, zabortegira botatzea.

2. Efizientzia energetikoa. Efizientetzat jotzeko, energia gisa berreskura dezaketen gutxieneko batera iritsi behar dute errauste plantek. Efizientzia neurtzeko, formula bat zehaztua du Europak. 0,65 puntuko efizientzia maila eskuratzen ez badute, errausketa hutsa da errauste plantek egiten dutena, eta zabortegien maila berean jartzen ditu Europak.

3. Formula. Errauste plantak urte osoan sortzen duen energia, inportatzen duena, ur lurruna sortzeko erabilitako erregaiak eta erretako hondakinek duten indar kalorifikoa aintzat hartzen ditu, besteak beste.

4. Zubietako efizientzia. Txosten teknikoen arabera, 0,65527 puntuko efizientzia energetikoa izango luke Zubietako errauste plantak. Gorka Bueno EHUko irakaslearen arabera, ordea, formularen kalkuluak oker teknikoak zituen.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: