Tolosaldea txukun

24 Api
Nekane Arsuaga, Jose Inazio Imaz, Iraitz Peñagarikano, Mikel Ugarte
Tolosaldea Zero Zabor
 2013/04/23
 
 
Tolosaldea Txukun taldeak «informazio bilera» egin zuen Anoetan, “Atez Atekorik ez» lelopean (azpi-leloa «Modu egokian birziklatzearen alde, 5. edukiontziaren alde» izan zen), eta bertan izan ginen. Penagarria eta tamalgarria izan zen bertan entzundakoa eta bizitakoa. Patxi Amantegi hizlariak, jendearen instintu baxuenak (beldurra, haserrea) xaxatu zituen, egiak balira bezala aurkeztutako ideia tranpatien bidez. Eztabaida honen muinean ekologia eta osasuna daude gure ustez, baina nonbait Tolosaldea Txukun antolatu dutenen interesak beste batzuk dira, bestela ezin baitaiteke ulertu bilera horren helburua.

Hizlariak eskualdeko hainbat herritan proposatu den hondakin bilketa sistemaren aldaketa kritikatzeko erabiltzen duen ildoetako bat gaikako bilketari buruzko datuen gerra da. Bere ustez, 5. edukiontziarekin ere %70 jaso daiteke ondo eginez gero. Hipotesia frogatzeko hiruko erregela matematiko bat erabiltzen du gainera: hondakinak hiru taldetan banatzen ditu (%40 momentu honetan gaika sailka genezakeena, %40 organikoa eta %20 errefusa); dagoeneko hondakin kopuru absolututik %30 ondo biltzen ari bagara, organikoaren bilketan ere portzentaje berdina lor daiteke bere ustez, atez atekoaren gaikako bilketa maila berdineraino iritsiaz.
Publikotik berehala gogorarazi zioten, urteak daramatzala 5. edukiontziak Gipuzkoako hainbat herri eta auzotan, eta emaitzak ez direla %40ra iristen (hizlariak onartu egin behar izan zuen datua noski, frogatua eta publikoa baita).

Kritikarako bigarren argumentua inposizioarena izan zen. Gure ustez, puntu honetan ohartu behar dugu jokoan dagoena oinarrizko eskubide bat dela: ingurune osasungarri batean bizitzearen eskubidea. Inork ez dauka eskubiderik beste inor zabortegi kutsakor baten ondoan ala errauste-planta baten ondoan bizitzera behartzeko, jakinik ekidin daitekeela (Gipuzkoako planak jasotzen du nola). Erabaki beharreko aukerek hori bermatu behar dute.

Bestetik, erabakia hartu behar duen subjektuari buruz ere hitz egin beharko litzateke: A herriak ez dauka eskubiderik B herrira ze zabor eramango duen erabakitzeko, hori erabakitzekotan B herriak erabaki behar du. A herrian galdera egitea proposatzen duenak esaten ari da B herrian zaborra derrigorrez jaso beharko dutela, eta horrek bi mailatako herritarrak egotea bultzatzen du. Herri batek ezin du erabaki bere zaborrak aldameneko beste batera eramatea han erretzeko. Anoeta eta Irurako herritarrok ezin diegu inposatu Zubietakoei gure zaborrak han erretzea. Hori ez da inondik ere demokratikoa eta gutxiago justua.

XXI. mendeko Euskal Herrian ez luke egon behar kutsatzeko eskubiderik, alternatibak ezagunak direnean eta frogatuta daudenean. Mendian zaborra botatzeko eskubiderik ez daukagun bezala. Gaika ahalik eta gehien biltzea betebehar bat da herritar guztiontzat.

Tolosaldea Txukunek eskualdeari sinetsarazi nahi dio libreak garela gai honetan nahi duguna aukeratzeko. Baina ez da horrela. Bi aukerak honakoak dira: (a) Auzo-konposta eta atez ateko bilketa sistema, edo (b) 5. edukiontzia eta makro-errauskailu bat Tolosaldetik 20 kilometrora. Nahiz eta Patxi Amantegik hitzaldian makro-errauskailuaren arazoa modu erraz batean konpontzen duen: «hori beste arazo bat da, eta ez gara etorri hona horri buruz hitz egitera». Gure ustez, ordea, eztabaida horretan zaborren arazoa bere osotasunean ikustea ezinbestekoa da, bai bilketa eta bai tratamendua, eta banatu ezin diren arloak dira, arazoaren osotasuna hartu behar da kontuan.

Eta jendeari esan behar zaio 5. edukiontziarekin berdin-berdin banatu beharko lukeela organikoa (Patxi: zergatik erabiltzen duzu orduan etxean kubo gehiegi eduki behar diren argumentua sistema berrien aurka?), eta ordutegiak eta kontrolak ere berdin-berdin egon beharko liratekeela. Hizlariak berak onartu zuen hori, nahiz eta ez jakin erantzuten 5. edukiontziarekin nola kontrolatuko lukeen nork banatzen dituen hondakinak eta nork ez.

Hondakinak biltzeko sistema berriaren aurkako hirugarren argumentua ekonomikoa da. Oso garestia omen da. Herrietan 12.000 euro gastatzen ari omen dira kuboetan. Patxi Amantegi jauna: (1) Zenbat kostatuko litzaioke Gipuzkoako herri bakoitzari Zubietako makro-errauskailua? Kostu totala behintzat badakigu, milioika euro. (2) Zergatik ez duzu esaten zenbat aurreztuko duen herri bakoitzak zaborrak errauskailuetara eta zabortegietara eramatea ekidinda? Usurbilgo Udalak 150.000 euro aurreztu ditu hondakinen bilketa eta kudeaketan 2012. urtean. (3) Sistema berri hauek lanpostuak sortzen dituztela onartu zenuen, eta hori ere zalantzan jartzen saiatu zinen (bilketa sistema mekanizatutik eskuzkora pasatzea atzerapausoa dela, ea nork egin nahiko duen lan hau krisia pasatzen denean…). Nola da hori posible? (4) Zenbat balio du aire garbia arnasteak?
Bilera horretan behintzat, hizlariak ez zuen hitz egin nahi izan estetika edo erosotasunari buruz, gai subjektiboak omen direlako. Baina bilera deitzeko erabili zuten kartelean, basura-poltsaz betetako posteen argazkiak jarri zituzten, jakinik Anoetan eta Iruran kuboetan bilduko dela. Gure ustez, fede txarrarekin jendea manipulatzea da hori, informatu beharrean.

Eta gure ustez, salagarriak dira bileran esandako beste batzuk ere. Adibidez, hizlariak modu ironikoan bota zuen Spora enpresa katalana Hernanin ezarri dela eta «oso ondo doakiola» (haien lana desprestigiatu nahian); publikotik norbaitek «¡a esos habría que fusilarlos a todos!» esan zuen, eta Amantegi jaunak bilera publiko batean horrelakoak moztu beharrean, «no, que son muchos» erantzun zion. Edo nola saiatzen den balio kentzen galdera «zailak» egiten dituztenei: «zuk jaisten al duzu basura? Ez dut uste…». Edo nola saiatzen den garrantzia kentzen Legorretan eta Lezon gertatutakoei: «bi poste bakarrik hautsi dira…» (publikotik gogorarazi zioten beste batzuk Auzitegi Nazionalera bidaltzen dituztela sabotaje ekintzengatik). Edo okerrena, bilera amaieran botatako beste bat: «berdintsu izango litzateke organikoa komunetik botatzea, Adunako kolektorean jasoko bailitzateke» (?).

Gure ustez planteamendu okerra bada ere, iritzi guztiak errespetagarriak dira, eta zilegi da atez atekoaren kontra egotea, baina birziklatzearen alde dagoela dioenak, zabor poltsa lurrean uzteko edota organikoa ibaira botatzeko esatea oso larria da, Tolosaldea Txukun-eko bozeramailearen ardura-falta handia erakusten baitu.

Gogoratu talde ekologista nagusiek (Eguzki, Ekologistak Martxan, Greenpeace) auzo-konposta eta atez ateko bilketa-sistemaren aldeko apustua egin dutela, eta Europar Batasunak Gipuzkoako hainbat herri hartzen ari garen bidea eredugarritzat jo duela.

Diferentziak diferentzia, ahalik eta hondakin gutxien sortu eta ahalik eta gehien birziklatzearen alde gauden guztiok ahalegina egin behar dugu helburuak bermatuz guztiontzat balekoak izango diren sistemak adosteko. Horretarako liskar giroa baztertu  eta jarrera eraikitzailea eta elkarri entzutea beharrezkoa da. Zergatik ez saiatu?

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: